2009/07/02

Agurra

Pasa den larunbatean Amurrion, Euskaraz bai egunarekin batera Aiaraldeko berbalagunok 2008-2009 ikasturteari amaiera eman genion. Horretarako herri bazkarian eta ondorengo dantzaldian parte hartu genuen. Primeran pasatu genuen!! Argazki hauekin datorren ikasturte arte agurtzen zaituztegu. Ondo izan.

video

2009/07/01

Hemen ere badakigu gazteleraz!

"Hemen ere badakigu gazteleraz!" Laudioko berbalagun talde batek kurtsoan zehar prestatutako laburmetraia da. Bideo honen bitartez Laudioko udalak berbalagun egitasmoaren aurrean izandako jarrera salatu nahi izan dute. Berba talde honek lan handia egin du eta emaitza ezinhobea izan da.

video

2009/06/30

Sukaldaritza ikastaroa

Jarraian Aiaraldeko sukaldariak aurkeztuko dizkizuegu. Hona hemen ikastaroan parte hartu duten sukaldariak eta hauek prestatutako errezetak:














Ezkerretik eskuinera:
Goian: Asier; Iratxe ( Porru pastela eta azenario tarta) ; Oihane ( Arroz entsalada ); Ander ( Txipiroiak saltsan eta patatak "mileurista" eran); Ione ( Hegaltxo erreak, espagetiak siziliar eran eta ijito-besoa). Behean: Santi ( Berdela tomatearekin eta baratxuri zopa ); Enartze ( Porruak paristar eran eta solomoa perretxiko saltsan).
Bakarrik dagoena: Koldo ( Tiramisua). Falta direnak: Joelle (Marrubi pudiga), Macri (Txokolate tarta) eta Jon.

Hona hemen azken bi errezetak:

PATATAK “MILEURISTA” ERAN

Osagaiak:
- 4 patata handi, 2 baratxuri ale, piper berde bat, piper gorri bat, tipula bat, 2 azenario, tomate bat, kalabazin txiki bat, 2 lata ilar, 2 arrautza, gatza eta irina.

Nola egin:
- Baratxuriak, piperrak, tomatea, azenarioak, kalabazina eta tipula garbitu eta zatitu ondoren oliba oliotan frijitzen ipiniko ditugu su moteletan. Gazitu eta astiro-astiro egiten utziko dugu bigun-bigun egon arte. Eginda dagoenean, koilarakada bat irin erantsiko dugu, ondo nahastu eta sutatik kenduko dugu. Momentuz, aparte utziko dugu.
- Patatak zuritu eta garbitu ondoren, xaflatan moztuko eta gazituko ditugu. Xaflak arrautza-irinetan pasatu eta su bizitan frijituko ditugu. Kanpotik gorriturik, baina barrutik gordin egon behar dute. Zartaginetik atera ahala, sukaldeko paper gainean ipiniko ditugu olioa xurgatzeko.
- Plater hau bukatzeko, patata xaflak eta frijitutako barazkiak nahastuko ditugu, ura erantsiko diegu eta egiten utziko ditugu. Ia-ia eginda egoten direnean ilarrak gehituko ditugu.

video

IJITO-BESOA

Osagaiak:
- Bizkotxoa: 5 arrautza, 100gr. irin, 100gr. azukre, sobre bat legamia eta banilla tanta batzuk.
- Betetzeko eta apaintzeko: 200ml. esnegain, marrubi marmelada eta txokolatea.

Nola egin:
- Lehenengo eta behin, labea 200 gradutan ipiniko dugu eta berotzen utziko dugu.
- Zuringoak eta gorringoak bereizi ondoren, zuringoei gatz pixka bat bota eta elur punturaino igoko ditugu. Igo bitartean, azukrea pixkanaka-pixkanaka erantsiko dugu, 2 koilarakada izan ezik. Puntuan daudela jakiteko, ontziari buelta emango diogu, merengea mugitzen ez bada, ondo dago; mugitzen bada irabiatzen jarraituko dugu.
- Jarraian, beste osagaiak orden honetan gehituko ditugu, irabiatzeari utzi gabe: legamia, irina, 2 gorringo eta banilla.
- Labeko plaka gurinez igurtzi eta irinez hautseztatu, orea gainean bota eta zabalduko dugu. Labean sartu 6 minutuz tenperatura jaitsi gabe.
- Eginda dagoenean, eta labetik atera bezain pronto, trapu umel batez estaliko dugu. Horrela utzi bizkotxoa hoztu arte.
- Hozten den bitartean, esnegaina eta txokolatea prestatuko ditugu. Esnegainari azukrea gehitu eta igoko dugu. Ondoren, txokolatea lapiko batean eta su moteletan jarriko dugu ur pixka batez. Eragiteari utzi gabe, desegin arte izango dugu sutan.
- Ijito-besoa bukatzeko, bizkotxo gainean marrubi marmelada eta esnegaina ipini eta gero bilduko dugu eta txokolatea gainetik bota eta zabalduko dugu. Hozkailuan izango dugu txokolatea gogortu arte.

video

2009/06/29

Sukaldaritza ikastaroa

Sukaldaritza ikastaroa amaitzear dago berbalagun ikasturtearekin batera. Hona hemen azken aurreko saioaren errezetak:

BARATXURI ZOPA

Osagaiak:
- 2 baratxuri ale, koilarakada erdi piperrauts, 2 koilarakada oliba olio, 3 eguneko ogia eta 3 edo 4 edalontzi ur.

Nola egin:
- Lehenengo eta behin, baratxuri aleak zuritu, xaflatan moztu eta zartagin batean frijitzen ipiniko ditugu.
- Gorritzen direnean, zartagina sutatik kendu eta piperrautsa erantsiko dugu. Apur bat nahastu ondoren, berriro sutan jarriko dugu eta ura botako dugu.
- Berotzen denean, ogia gehituko dugu eta ordu betez izango dugu pixkanaka-pixkanaka egiten.

video

SOLOMOA PERRETXIKO SALTSAN

Osagaiak:
- 8 solomo xerra, 2 baratxuri ale, tipulina bat eta erdi, koilarakada 1 irin, ardo zuria (edalontzi erdi), 400 edo 500gr. barrengorri,125cl. esnegain eta gatza.

Nola egin:
- Barrengorriak garbitu eta gero xaflatan moztu eta lapiko batean egiten utziko ditugu olio apur batez.
- Egiten diren bitartean, tipulinak zuritu eta juliana eran zatitu ondoren, oliba oliotan frijitzen jarriko ditugu su moteletan. Tipula bigun-bigun egoten denean, irina bonako dugu eta eragingo diogu pikorrik ez geratzeko.
- Ondoren, ardo zuria erantsiko diogu eta, alkohola lurruntzen denean, perretxikoak. Ondo nahastu dena, apur bat egiten utzi eta esnegaina gehituko diogu saltsari.
- Su moteletan egiten uzten dugun bitartean, solomoa prestatuko dugu. Horretarako, 2 baratxuri ale xaflatan moztu eta frijitzen ipiniko ditugu. Gorri daudenean oliotatik atera eta olio horretan solomoa egingo dugu.

video

2009/06/24

Marmeladak

Hona hemen pasa den ostiralean egindako bisitaren argazkiak:

video

2009/06/22

Agurra

Datorren ekainaren 27an Aiaraldeko berbalagunak Amurrion bilduko gara eta 2008-2009 ikasturteari amaiera on bat emateko bazkaria izango dugu. Amurrion egun horretan ospatuko den euskaraz bai egunean izango gara eta bertako herri bazkarian parte hartuko dugu. Tiketak 3 € balio du eta hauek eskuratzeko epea ekainaren 25an bukatuko da. Ekainaren 27an Amurrion ikusi nahi zaituztegu!!!!!!! Jarraian euskaraz bai egunaren kartela duzue:

2009/06/18

Mintza eguna

Hona hemen Laudioko eta Urduñako berbalagunek Mintza egunean ateratako argazkiak:

video