ESPAGETIAK SIZILIAR ERAN
Osagaiak:
- 500 gr. espageti, 600 gr. tomate natural, 4 koilarakada tomate frijitua, hiru lata antxoa oliotan, lau baratxuri ale, 200 gr. oliba beltz eta oreganoa.
Nola egin:
- Hasteko, baratxuri aleak xaflatan eta antxoak xehe-xehe zatituko ditugu.
- Jarraian, zartagina sutan jarri eta antxoen olio pixka bat botako dugu. Bero dagoenean, baratxuri xaflak erantsiko ditugu.
- Gorritzen direnean, antxoa zatiak gehituko ditugu eta apur bat desegiten direnean, tomate naturala gehituko digu (garratza bada azukre pixka bat bota) . Ondo nahastuko dugu dena eta egosten utziko dugu bost bat minutuz. Ondoren, tomate frijitua, oreganoa eta ur pixka bat botako diogu saltsari. Apur bat gehiago egosten utziko dugu oreganoak zaporea eman arte. Saltsa bukatzeko, oliba beltzak erantsiko ditugu.
- Lapiko batean ura eta koilarakada bat olio ipini eta, irakiten ari denean, espagetiak egosten jarriko ditugu. Urari ez diogu gatzik botako, saltsak antxoen zapore handia izango duelako eta platera gazi geratu ahal zaigulako. Eginda egoten direnean, xukatu eta zerbitzatuko ditugu gainean saltsa ipini diegula.
TXIPIROIAK SALTSAN
Osagaiak:
- 500gr. txipiroi, 2 tinta, irina, piper berde erdi, tipula handi bat, bi koilarakada tomate saltsa eta arroza.
Nola egin:
- Lehenengo eta behin, txipiroiak ondo garbituko ditugu, bai barrutik, bai kanpotik. Hankekin eta hegaltxoekin bete eta gazitu ondoren, irinetik pasako ditugu eta olio bero-berotan gorrituko ditugu.
- Beste aldetik, tipula eta piper berdea zatitu eta gero, txipiroiak gorritzeko erabili dugun oliotan frijitzen jarriko ditugu eta gatz pixka bat botako dugu. Bigun daudenean, tomate saltsa gehituko dugu eta apur bat gehiago egiten utzi eta gero, edalontzi batean urarekin desegin ditugun tintak erantsiko ditugu.
- Jarraian, txipiroi beteak, eta baten bat soberan geratu bazaigu zatituko dugu eta denak lapikora botako ditugu. Espres lapikoa itxi eta 18 minutuz egosten utziko ditugu txipiroiak.
- Bitartean, beste lapiko batean arroza egosiko dugu 20 minutuz.
- Dena eginda dagoenean, plateraren erdian arroza jarriko dugu, txipiroiak inguruan eta saltsa pixka bat botako dugu gainetik.
1 comment:
kaixo!
zergatik ez dituzue bideoak sarera igotzen azalpenarekin? (euskaltubera edo...) horrela guztion eskura egongo dira!
mila esker!
oso itxura ona dauka dana!
sandra
Post a Comment