2009/06/29

Sukaldaritza ikastaroa

Sukaldaritza ikastaroa amaitzear dago berbalagun ikasturtearekin batera. Hona hemen azken aurreko saioaren errezetak:

BARATXURI ZOPA

Osagaiak:
- 2 baratxuri ale, koilarakada erdi piperrauts, 2 koilarakada oliba olio, 3 eguneko ogia eta 3 edo 4 edalontzi ur.

Nola egin:
- Lehenengo eta behin, baratxuri aleak zuritu, xaflatan moztu eta zartagin batean frijitzen ipiniko ditugu.
- Gorritzen direnean, zartagina sutatik kendu eta piperrautsa erantsiko dugu. Apur bat nahastu ondoren, berriro sutan jarriko dugu eta ura botako dugu.
- Berotzen denean, ogia gehituko dugu eta ordu betez izango dugu pixkanaka-pixkanaka egiten.


SOLOMOA PERRETXIKO SALTSAN

Osagaiak:
- 8 solomo xerra, 2 baratxuri ale, tipulina bat eta erdi, koilarakada 1 irin, ardo zuria (edalontzi erdi), 400 edo 500gr. barrengorri,125cl. esnegain eta gatza.

Nola egin:
- Barrengorriak garbitu eta gero xaflatan moztu eta lapiko batean egiten utziko ditugu olio apur batez.
- Egiten diren bitartean, tipulinak zuritu eta juliana eran zatitu ondoren, oliba oliotan frijitzen jarriko ditugu su moteletan. Tipula bigun-bigun egoten denean, irina bonako dugu eta eragingo diogu pikorrik ez geratzeko.
- Ondoren, ardo zuria erantsiko diogu eta, alkohola lurruntzen denean, perretxikoak. Ondo nahastu dena, apur bat egiten utzi eta esnegaina gehituko diogu saltsari.
- Su moteletan egiten uzten dugun bitartean, solomoa prestatuko dugu. Horretarako, 2 baratxuri ale xaflatan moztu eta frijitzen ipiniko ditugu. Gorri daudenean oliotatik atera eta olio horretan solomoa egingo dugu.

No comments: