2009/06/30

Sukaldaritza ikastaroa

Jarraian Aiaraldeko sukaldariak aurkeztuko dizkizuegu. Hona hemen ikastaroan parte hartu duten sukaldariak eta hauek prestatutako errezetak:














Ezkerretik eskuinera:
Goian: Asier; Iratxe ( Porru pastela eta azenario tarta) ; Oihane ( Arroz entsalada ); Ander ( Txipiroiak saltsan eta patatak "mileurista" eran); Ione ( Hegaltxo erreak, espagetiak siziliar eran eta ijito-besoa). Behean: Santi ( Berdela tomatearekin eta baratxuri zopa ); Enartze ( Porruak paristar eran eta solomoa perretxiko saltsan).
Bakarrik dagoena: Koldo ( Tiramisua). Falta direnak: Joelle (Marrubi pudiga), Macri (Txokolate tarta) eta Jon.

Hona hemen azken bi errezetak:

PATATAK “MILEURISTA” ERAN

Osagaiak:
- 4 patata handi, 2 baratxuri ale, piper berde bat, piper gorri bat, tipula bat, 2 azenario, tomate bat, kalabazin txiki bat, 2 lata ilar, 2 arrautza, gatza eta irina.

Nola egin:
- Baratxuriak, piperrak, tomatea, azenarioak, kalabazina eta tipula garbitu eta zatitu ondoren oliba oliotan frijitzen ipiniko ditugu su moteletan. Gazitu eta astiro-astiro egiten utziko dugu bigun-bigun egon arte. Eginda dagoenean, koilarakada bat irin erantsiko dugu, ondo nahastu eta sutatik kenduko dugu. Momentuz, aparte utziko dugu.
- Patatak zuritu eta garbitu ondoren, xaflatan moztuko eta gazituko ditugu. Xaflak arrautza-irinetan pasatu eta su bizitan frijituko ditugu. Kanpotik gorriturik, baina barrutik gordin egon behar dute. Zartaginetik atera ahala, sukaldeko paper gainean ipiniko ditugu olioa xurgatzeko.
- Plater hau bukatzeko, patata xaflak eta frijitutako barazkiak nahastuko ditugu, ura erantsiko diegu eta egiten utziko ditugu. Ia-ia eginda egoten direnean ilarrak gehituko ditugu.



IJITO-BESOA

Osagaiak:
- Bizkotxoa: 5 arrautza, 100gr. irin, 100gr. azukre, sobre bat legamia eta banilla tanta batzuk.
- Betetzeko eta apaintzeko: 200ml. esnegain, marrubi marmelada eta txokolatea.

Nola egin:
- Lehenengo eta behin, labea 200 gradutan ipiniko dugu eta berotzen utziko dugu.
- Zuringoak eta gorringoak bereizi ondoren, zuringoei gatz pixka bat bota eta elur punturaino igoko ditugu. Igo bitartean, azukrea pixkanaka-pixkanaka erantsiko dugu, 2 koilarakada izan ezik. Puntuan daudela jakiteko, ontziari buelta emango diogu, merengea mugitzen ez bada, ondo dago; mugitzen bada irabiatzen jarraituko dugu.
- Jarraian, beste osagaiak orden honetan gehituko ditugu, irabiatzeari utzi gabe: legamia, irina, 2 gorringo eta banilla.
- Labeko plaka gurinez igurtzi eta irinez hautseztatu, orea gainean bota eta zabalduko dugu. Labean sartu 6 minutuz tenperatura jaitsi gabe.
- Eginda dagoenean, eta labetik atera bezain pronto, trapu umel batez estaliko dugu. Horrela utzi bizkotxoa hoztu arte.
- Hozten den bitartean, esnegaina eta txokolatea prestatuko ditugu. Esnegainari azukrea gehitu eta igoko dugu. Ondoren, txokolatea lapiko batean eta su moteletan jarriko dugu ur pixka batez. Eragiteari utzi gabe, desegin arte izango dugu sutan.
- Ijito-besoa bukatzeko, bizkotxo gainean marrubi marmelada eta esnegaina ipini eta gero bilduko dugu eta txokolatea gainetik bota eta zabalduko dugu. Hozkailuan izango dugu txokolatea gogortu arte.

No comments: