2007/12/20

Pirritx eta Porrotx

Pirritx eta Porrotx ikusteko aukera izango duzue ostiral honetan, abenduak 21, Amurrioko kiroldegian. Bi pailazo famatu hauek "eskerrik asko" ikuskizuna aurkeztuko dute arratsaldeko 18:00etan.

2007/12/19

Bai Euskarari Ziurtagiria

Ostegunean, abenduak 20, Amurrioko Antzokian Bai Euskarari Ziurtagirien banaketa egingo da. Euskararen aldeko ekitaldi honetaz ahize-aek arduratuko da eta arratsaldeko 20:00etan izango da.

2007/12/14

Bob? Nor da Bob?

Abenduak 15, larunbata, arratsaldeko 20:00etan Bob? Nor da Bob? antzezlana izango dugu Amurrioko Alanbike Kafe Antzokian. Jon Urraza aktorea izango da bakarrizketa umoretsu honen aurkezlea. Bertan, guztiontzat ezagunak diren zenbait egoeren berri emango du eta tarteka, zuzeneko musika izango da.

2007/12/12

Ardo dastaketa

Abenduak 14, ostirala, Arespalditzan ardoa dastatzeko teknikak ezagutu ditzakezue Esti Besa enologoaren eskutik. Hogeitalau elkarteak antolatutako ekitaldi hau arratsaldeko 19:30etan, Sindikatuan izango da. Arespalditzara joatea erabakitzen duzuenok jakin ardo dastaketa bukatzerakoan luncha izango dugula. Asteburua asteko modurik onena!!

2007/12/04

Durangoko azoka

Dakizuenez abenduaren 5etik 9ra egingo da 2007.urte honetan 42.Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Horregaitik Laudioko udalak alde batetik eta Amurrio eta Urduñako udalak bestetik, Durangora hurbiltzeko autobusak antolatu dituzte. Laudioko udalak Abenduaren 8rako bi autobus antolatu ditu:

1.- Lehenengoa 10:30etan institutu ondoko bus geltokitik irtengo da, eguerdiko 13:30etan azokatik irteteko.

2.- Bigarren autobusa, arratsaldeko 16:30etan toki beretik irtengo da eta buelta, Durangon 19:30etan izango da.

Jarlekua eskatzeko deitu udaltxeko 944034890 edo 944034800 telefonoetara abenduaren 7a baino lehen. Plaza mugatuak!!!

Amurrioko eta Urduñako udalek beste autobus bat antolatu dute. Autobus hau Urduñatik arratsaldeko 16:30etan irtengo da eta 17:00tarako Amurrion egongo da. Buelta, Durangoko azokan goizaldeko 2:00etan izango da. Izena eman nahi izatekotan Amurrioko edo Urduñako udaletxeetara hurbildu zaitezte!!

Aukera guzti hauekin ez duzue zubi honetan durangoko azokara hurbiltzeko aitzakirik izango.

Anima zaitezte eta ondo pasa!!



2007/11/30

Txalaparta ikastaroa

Txalaparta jotzen ikasi nahi duzuenok orain duzue aukera ezinhobea!!!!! Aretako kultur etxean igandero, arratsaldeko 17:00tatik aurrera Euskal Herriko musika tresna zaharrenetariko bat, txalaparta, jotzen ikas dezakezue. Ondo pasatzeko, ikasteko, lagunak egiteko… aukera paregabea eta gainera doan!!!!

2007/11/23

Txontxongiloak: Txintxilipurdi erregea

Datorren asteartean txontxongiloak ikusteko aukera izango duzue. Etxeko txikitxuentzat eta ez hain txikientzat ikuskizun polita eta entretenigarria izango da. Beraz, aukera eta gogoak izanez gero azaroak 27, arratsaldeko 17:30ean Urduñako kultur etxera hurbildu zaitezte.

2007/11/22

Jorge Oteiza: eskultura eta arkitektura


2008. urtean Jorge Oteiza euskal artistaren jaiotzaren ehunurtekoa ospatuko da zenbait ekimenen bitartez: erakusketak, ikastaroak, nazioarteko kongresu bat, e.a. Testuinguru honetan, azaroaren 27an arratsaldeko 19:00etan laudioko kultur etxean, artistaren ibilbideari errepaso bat emango zaio bere lanik garrantzitsuenak eskulturan zein arkitekturan gogora ekarriz.


2007/11/21

Espeleologia Mairuelegorretan


Espeleologia gustoko duzuenok asteburu honetan aukera ezinhobea duzue. Larunbatean, azaroaren 24an, Laudioko udalak Gorbeiako Parke Naturalean kokatzen den Mairuelegorreta kobazuloa ezagutzeko irteera bat antolatu du. Espeleologiaz gozatu nahi izatekotan animatu eta Mairuelegorreta ezagutu!



2007/11/16

Mendi ibilalditxoa Gorobelen


Asteburu honetan gorobel ezagutzeko aukera izango duzue laudion antolatu den mendi irteerari esker. Beharbada Aiarako eskualdeko irudirik ezagunena dugu Gorobel mendia, ikusgarriak dira bertako amildegiak, harkaitzak, lautada zabalak, basoak… Guzti hau ezagutzeko aukera galdu nahi ez baduzue anima zaitezte eta larunbatean, azaroak 17, goizeko 9:30ean Laudioko institutu aurrean bildu zaitezte.

2007/11/12

Euskal jolasak (Gurasoentzako ikastaroa)

Aurreko asterako eta aste honetako astelehen eta asteazkenerako Laudion programatutako euskal jolasen inguruko ikastaroa bertan behera geratu da parte hartze eskasa dela eta. Dena den gurasoei zuzendutako ikastaro hauek urtero martxan jartzen dira, beraz datorren urtean nahi izanez gero parte hartzeko aukera izango duzue.


2007/11/06

Okondoko aurkezpena

Urriaren 19an martxan jarri genuen Berbalagun egitasmoa Okondon. Horretarako aurkezpen txiki bat egin genuen herriko Kultur Etxean.

Urduñako aurkezpena


Urriaren 17an Berbalagun aurkezpena egin genuen Urduñako Kultur Etxean. Oso gustora egon ginen alkatearen, zinegotziaren eta Urduñako dinamizatzailearen hitzak entzuten. Ikusten duzuenez oso tarte dibertigarria pasa genuen C.S.I Zaratamokoek egin zuten ikuskizunarekin.


2007/10/17

Diaporama-solasaldia


Hogeitalau euskera elkarteak Julen Reketak gidatutako diaporama-solasaldi bat antolatu du. Diaporama-solasaldi hau, MAKALU 2005 ESPEDIZIOA "BELTZ ERRALDOIA" -ren inguruan izango da. Interesatuta zaudetenok Urriak 19 ostirala, arratsaldeko 7,30etan Arespalditzako udaletxera hurbildu zaitezte. Animatu zaitezte!!!

2007/10/16

Berbalagunak bueltan!!!




Aupa BERBALAGUNOK!

Hemen gaude berriro ere oporren bueltan ikasturteari hasiera emateko prest. Aurten ere iaz bezala hainbat ekintza proposatuko ditugu guztiok parte hartu dezazuen eta herriko euskaldunak elkar ezagutu zaitezten. Berbalagunak euskaraz mintzatzeko eta ondo pasatzeko aukera ezinhobea eskaintzen dizu, ez utzi ihes egiten!

Dagoeneko iazko bizpahiru talde martxan jarri dira eta astero elkartzen hasi dira. Zu ere parte hartzeko prest egonez gero etorri guregana edo deitu telefonoz:

AIARA, ARTZINIEGA eta OKONDO Aiarako koadrilaren Euskara Zerbitzua 945 399 122

AMURRIO AEK Euskaltegia 945 892 334

Amurrioko Euskara Zerbitzua 945 891 161

LAUDIO AEK Euskaltegia 946 726 722

Udal Euskaltegia 946 722 838

Euskara Arloa 944 034 890

URDUÑA Urduñako Euskara Zerbitzua 945 384 860

Berriak direnentzat eta Berbalagunaz ezer entzun ez dutenentzat hemen duzue egitasmoa zertan datza labur-labur azalduta:

Zer da BERBALAGUN?

Egitasmoaren helburuak herriko euskaldunak elkar ezagutzea, hitz egiteko aukera gehiago sortzea eta orohar herriko euskararen egoera hobetzea izanik euskaraz aritzeko astean ordu betez herriko hainbat euskaldunekin elkartzea da. Honetaz gain Berbalagunek zure gustuko ekintzak antolatuko ditu euskaraz gozatzeko.

NORENTZAT DA BERBALAGUN?

Euskaraz mintzatu nahi duen edonorentzat, euskaldun zahar, euskara ikasle ohi zein egun euskara ikasle denarentzat.

2007/05/14

Elorritxuganerako ibilbidea

Keparekin goazen guztietan bezala, oraingoan ere gauza asko ikasi genituen. Adibidez, zergatik deitzen zaion horrela mendiari: elorriz beteta dagoen gaina delako. Jakin genuen baita ere, Laudiok aintzina lau auza baino ez zituela: Larrea, Larrazabal, Goienuri eta Olarte. Banaketa hau naturak markatzen du bi ibaien bidez: iparraldetik hegoaldera Nerbioi ibaiak eta mendebaldetik ekialdera Aldaikoerrekak. Igoera arazorik gabe egin genuen baina, jeisterakoan, bidexka hezituta aurkitu genuenez, trenbidetik joan behar izan genuen zati batean. Gardeatik herrira bueltzan gentozela, Katuxa Jauregiko armarriaren azalpena eman zigun Kepak: antza, Katuxatarrek eta Anuntzibaitarrek liskar asko izaten zituzten eta hori ageri da armarrian. Katuxatarren txakurrak, zuhaitz gainera igota dagoen Anuntzibaitarren ahuntzari zaunka agertzen dira.
Ez dago gaizki e? Mendira igotzeaz aparte horrenbeste gauza ikastea!

Hamaiketakoa egin ostean tontorrerantza abiatu ginen.

2007/03/26

nömadak tx


Pasa den larunbatean, martxoaren 24an, Laudio Top Zinema egitasmoa jarri zen martxan Hezkuntza, gazteria eta Emakumea Arloaren ekimenaz eta Gizarte Ongizate, Lankidetza eta Osasun Arloaren eta Euskara Arloaren laguntzaz.

Programa hau 13 urtetik gorako gazteentzat izango da eta asmoa da larunbatero 17:30ean film on bat ematea lanbide heziketa Udal Ikastetxeko zinetokian.

Film gehienak gazteleraz izango diren arren, ahal den neurrian euskaraz izango dira eta, noski, azken hauek blogean iragarriko ditugu!

Martxoaren 31n: nömadak tx Sarrera: euro 1.

2007/03/15

CSI Zaratamo

Hori ustekabea izan genuena! Hilketa bat zela eta, hara non agertu zitzaizkigun CSI Zaratamokoak, hiltzailea aurkitu nahian! Erruduna aurkitu behar zutela esaten zuten eta ez zirela joango egia osoa jakin arte. Guk ez genuen ezer ulertzen: hilketa bat herrian eta gu enteratu gabe!!

Han egon ginen zintzo-zintzo aulkitik mugitu gabe, galdera eta froga pila egiten zituzten bitartean: non egon zinen atzo gauean? Norekin? Lekukorik al duzu? Zoratzekoa zen!!

Gauzak ez zeuden batere argi, are gutxiago biktima pertsona bat ez zela azaldu zigutenean. Nor edo zer ote zen? Eskerrak CSIkoak oso profesionalak ziren eta dena argitu ziguten: biktima hizkuntza bat zen, euskara bera. Denon artean hiltzen ari ginen gure hizkuntza.

Horregatik, erabaki bat hartu genuen: guk ez genuen hilketa horren errudun izan nahi, ez genuen gure hizkuntza hiltzen utziko eta handik aurrera euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu genuen.

2007/03/09

Markinako sagardotegian

Sagardotegi batera joatea baino modu hoberik ezagutzen al duzue Berbalagun berriak ezagutzeko? Ba... horixe egin genuen! Markinako "Axpe" sagardotegira joan ginen, bapo afaldu eta poteoan ibili ginen gero Markinan bertan. Hona hemen ateratako argazki batzuk:






2007/02/08

Nerbioiaren sorburua





Irteera hau egiteko bi kotxe mugitu genituen: bata, Santiagoko balkoian utzi genuen eta bestearekin Untzara joan ginen. Ordu erdiko bidea eginda geneukala oinez, Javi amaieran hartu beharreko autoko giltzak hasierako kotxe barruan utzi zituela konturatu zen beraz, atzera buelta! Despistetxoak sai arreari argazkia ateratzeko aukera eman zion, gaitzerdi!

2007/02/01

Kamarakako mendi irteera



Herriko plazatik atera ginen, Lusurbeilandara igo eta bertatik Kamarakara. Bidean polainak jantzi behar izan genituen belaunera arteko elurra zegoelako. Tontorrean argazkia atera eta Santa Lutzian "txomingeroak" agurtu eta gero, Dubirisen jan genuen txorizo errea Joserraren txokoan. Txakurrak ere animatu ziren nahiz eta, berba gutxi egin!

2007/01/18

Gorbeiako mendi irteera






Usabeletik igo ginen kotxez eta aparkalekuan autoak utzi ondoren, Ipergortara joan ginen tipi-tapa. Eguraldi paregabea egin zuenez Aiako Harriak eta guzti ikusi ahal izan genituen. Neberabarrira ere joan ginen: aspaldi, bertatik ateratzen omen zuten Bilbora eramateko hizotza.

2007/01/11

Artziniega Durangon

Artziniegako berbalagunak Durangon egon ziren liburu eta disko azokan. Bai, bai , abenduan egiten den hori! Eta zergatik ez dugun gaur arte argazkia zintzilikatu? Ba... badakizue: bidaliko dizut, gaur ahaztu zait, bihar ezin dut... Baina hementxe ditugu fresko-fresko eta irrifartsu! Primeran pasatu zutela ematen du.

2007/01/01

berbalagunen ordutegiak

Astelehena
19:00 - Arrañope (Laudio)

Asteartea

Asteazkena
18:30- Kioskoa (Amurrio)
19:30 - Basalarrina (Laudio)

Osteguna
17:00- Basalarrina (Laudio)
19:00- Basalarrina (Laudio)

Ostirala

11:00- Arrañope (Laudio)
19:00- Basalarrina (Laudio) 2 talde

Larunbata
12:00 - Arrañope (Laudio)

Igandea
12:00- Batzokia (Amurrio) 3 talde