2009/12/21

AEK eta UPV-EHUren arteko hitzarmena



AEKren mintzapraktika egitasmoetan (berbalagun, mintzalagun...) parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek aukera askeko kredituak eskuratu ahal izango dituzte, Adostutakoa honakoa da:




  • Unibertsitateko ikasleen zeregina: mintzapraktika egitasmoan dauden euskaldun berriekin astean ordu batez elkartzea eta euskara ikasleak ikas-prozesua amaitzen laguntzea. Egitasmo hauek mintzataldeetan antolatzen da, unibertsitateko ikasleak bertan integratuko lirateke eta laguntzaile papera beteko lukete. Orotara 45 ordu, hau da, 3 kreditu.


  • Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen duten ikasleei euren espediente akademikoko askeko kredituak lortzeko aukera emango lizkiete...


  • AEKren Praktika Zerbitzua berriz, ikasle horien jarraipena eta ebaluazio txostena egiteaz arduratuko litzateke.


Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, klikatu hemen eta aurkituko duzu betetzeko fitxa.



2009/12/14

MUSKUILUAK MARINELA ERAN

Osagaiak:
Kilo bat muskuilu, bost baratxuri ale, perrexila, ogi birrindua eta muskuiluak egosteko erabili dugun ura eta esnea.


Nola egin:
Muskuiluak ondo garbitu eta ur apur batez egosi ireki arte. Irekita daudenean, ur guztia kenduko diegu eta, momentuz, aparte utziko ditugu.


Baratxuria eta perrexila xehe-xehe zaitutu ondoren, zartagin batean apur bat frijituko ditugu. Muskuiluen ura, esne-zurrustada eta ogi birrindua erantsi ondoren, saltsa egosten utziko dugu loditu arte.


Bukatzeko, muskuiluen gainetik saltsa botako dugu eta 5 minutuz egosten utziko dugu. On egin!

2009/12/10

MADALENAK

Osagaiak: (30 bat madalena txiki egiteko)
Arrautza bat, kikaratxo bat ekilore olioa, kikaratxo bat irin, kikaratxo bat azukre, legamia (sobre baten 3/4) eta edozein likore-zurrusta
Nola egin:
Katilu batean arrautza irabiatuko dugu. Jarraian, irabiatzeari utzi gabe, azukrea, esnea, olioa eta likorea gehituko ditugu.
Aparte, plater batean irina eta legamia oso ondo nahastuko ditugu. Ondoren, pixkanaka-pixkanaka, lehen egin dugun nahasturari erantsi eta, behar izanez gero irin gehiago botako dugu loditu arte.
Moldeak erdiraino beteko ditugu eta labean sartu tenperatura epelean 15/20 minutuz. Azken momentuak tenperatura igoko digu apur bat gorritzeko.

2009/12/03

2009/11/26

IRAKURLE KANPAINA, 2009KO NEGUA



Irakurle kanpaina, AEKn ikasturtean bitan egiten dugun eskaintza da.

Irakurle kanpainaren bidez euskal liburu eta diskak MERKEAGO eskuratzeko aukera eskaintzen die AEK-k bere ikasle, irakasle eta AEKide guztiei.

Hemen aurki dezakezu 2009ko neguko katalogoa.

2009/11/24

BERRIA egunkaria %50 merkeago mintzapraktikako partaideentzat


Mintzapraktika egitasmoetako partaidea bazara (berbalaguna, mintzalaguna...) Aek-k Berriarekin duen akordioari esker, asteburuetan zure kioskoan %50 merkeago jaso dezakezu egunkaria. Informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen.

Txakolindegia


Datorren ostiralean, azaroaren 27an arratsaldeko 7etan, Amurrioko Xarmant Txakolindegia bisitatuko dugu. Etorri nahi baduzu, jarri harremanetan gurekin. Anima zaitez!

2009/10/19

Ipuin kontalaria

Urriaren 21ean (asteazkena), Isabel Millet Ipuin kontalaria izango dugu Laudioko Basalarrina kultur elkartearen egoitzan "Animaliak mintzo ziren garaian" izenburuarekin.

2009/10/15

Berbalagun kanpaina



Berbalagun kanpaina berria abian jarri dugu eskuko behatzak ere ez dira igualak lemapean.
Honenbestez, 09-10 ikasturtean Aiaraldeko berbalagun programan parte hartu nahi duen edonork izena eman dezake, berdin dio euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea bada. Berdin dio zein den bere jatorria, adina, lanbidea edo zeintzuk bere zaletasunak, azken batean, eskuko behatzak ere ez direlako igualak. Egitasmoaren inguruko informazioa: http://praktikatu.blogspot.com/

2009/10/09

Kontserba ikastaroa

Pasa den astean Urduñako udalak antolatutako kontserba ikastaroan Aiaraldeko berbalagunek parte hartu zuten. Hona hemen argazkia:

2009/10/02

Dantza ikastaroa

Aurten ere, animatzen bazarete, dantza ikastaroarekin jarraituko dugu. Urriaren 6an arratsaldeko 20:00etan "Las profes"en (Urduñan) ikasturte berriari hasiera emango diogu. Datorren asteartean denok dantzatzera!!

2009/09/23

Euskal jaia

Asteburu honetan EUSKAL JAIA ospatuko da Laudion. Hona hemen egitaraua:

24 OSTEGUNA
Euskara, eskola eta kirola programaren aurkezpena .Arratsaldeko 19:00etan. Aldaikoerreka aparkalekuko plazatxoan. Athletic futbol taldeko hiru belaunaldiren ordezkariekin: Jose Angel Iribar, Joseba Etxeberria eta Koikili Lertxundi.

25 OSTIRALA
Kontzertua
. Iluntzeko 21:00etan. Aldaikoerreka aparkalekuko plazatxoan. Su ta Gar rock taldea.

26 LARUNBATA
Argi-urratzeko kalejira, txistulariekin. (9:00etatik aurrera). Herriko kaleetatik. Lankaietako Lagunak.
Jaira hurbiltzeko kalejira, joaldunekin. (11:00etatik aurrera). Herriko kaleetatik. Ttuntturro.
Herriko alkateen hautaketaren antzezpena. (11:30etan). Herriko Plaza. Basalarrina.
Herri abestiak. (12:30etan) Herriko plaza. Basalarrina.
Sagardo jaia. Sagardoa txotxetik (kupeletik), doakoa, trikitia eta bertsolariak. Sagibil (Elgoibar).
Herri kantu musikatuak. (Eguerdian) Herriko kaleetatik. Bentazaharreko Mutiko Alaiak (Urretxu).
Trikitia. (Eguerdian) Herriko kaleetatik. Trikileku (Zamudio).
Herri bazkaria eliza atarian (14:30etan). 5 €. Bonoak, aldez aurretik, Laudioko Arrañope eta Gorka tabernetan irailaren 16tik 23ra. Menua: Paella + oilasko-hankak garagardo erara + tarta + ardoa + kafea + txupito bat. Atxurdin.
Herri kantuak musikarien laguntzarekin. Euskal kantuen liburuxka bana emango da elkarrekin abesteko. Azkenburukoarekin batera. Bentazaharreko Mutiko Alaiak (Urretxu).
Trikiti-musika. Bazkalostean. Trikileku (Zamudio).
Dantza plaza Patxi Perezek gidatua (18:00-19:30). Aldaikoerreka aparkalekuko plazatxoan. Patxi Perez eta Konpainia (Lapurdi).

2009/09/22

Kontserba eta marmelada ikastaroa

Datorren astean kontserba eta marmelada ikastaro bat izango duzue Urduñan. Ikastaroa irailaren 29an eta urriaren 1ean izango da arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Interesa izanez gero izena emateko azken eguna irailaren 25a izango da.

2009/09/21

Ikasturte berria

Kaixo BERBALAGUNak!!

Hemen gaude berriro ere oporren bueltan ikasturteari hasiera emateko prest. Aurten ere iaz bezala hainbat ekintza proposatuko ditugu guztiok parte har dezazuen eta herriko euskaldunak elkar ezagutu zaitezten. Berbalagun egitasmoak euskaraz mintzatzeko eta ondo pasatzeko aukera ezinhobea eskaintzen dizu, ez utzi ihes egiten!

Zu ere parte hartzeko prest egonez gero hona hemen gurekin harremanetan jartzeko telefonoak:

Amurrio, Aiara eta Artziniega Amurrioko AEK: 945 892 334

Laudio Laudioko AEK: 946 726 722

Urduña Urduñako Euskara Zerbitzua: 945 384 860

Zer da BERBALAGUN?

Egitasmoaren helburuak herriko euskaldunak elkar ezagutzea, hitz egiteko aukera gehiago sortzea eta orohar herriko euskararen egoera hobetzea izanik, euskaraz aritzeko astean ordu betez herriko hainbat euskaldunekin elkartzea da. Honetaz gain Berbalagun egitasmoak zure gustuko ekintzak antolatuko ditu euskaraz gozatzeko.

Norentzat da BERBALAGUN?

Euskaraz mintzatu nahi duen edonorentzat, euskaldun zahar, euskara ikasle ohi zein egun euskara ikasle denarentzat.

Praktikatu gurekin!!!

2009/07/02

Agurra

Pasa den larunbatean Amurrion, Euskaraz bai egunarekin batera Aiaraldeko berbalagunok 2008-2009 ikasturteari amaiera eman genion. Horretarako herri bazkarian eta ondorengo dantzaldian parte hartu genuen. Primeran pasatu genuen!! Argazki hauekin datorren ikasturte arte agurtzen zaituztegu. Ondo izan.

2009/06/30

Sukaldaritza ikastaroa

Jarraian Aiaraldeko sukaldariak aurkeztuko dizkizuegu. Hona hemen ikastaroan parte hartu duten sukaldariak eta hauek prestatutako errezetak:














Ezkerretik eskuinera:
Goian: Asier; Iratxe ( Porru pastela eta azenario tarta) ; Oihane ( Arroz entsalada ); Ander ( Txipiroiak saltsan eta patatak "mileurista" eran); Ione ( Hegaltxo erreak, espagetiak siziliar eran eta ijito-besoa). Behean: Santi ( Berdela tomatearekin eta baratxuri zopa ); Enartze ( Porruak paristar eran eta solomoa perretxiko saltsan).
Bakarrik dagoena: Koldo ( Tiramisua). Falta direnak: Joelle (Marrubi pudiga), Macri (Txokolate tarta) eta Jon.

Hona hemen azken bi errezetak:

PATATAK “MILEURISTA” ERAN

Osagaiak:
- 4 patata handi, 2 baratxuri ale, piper berde bat, piper gorri bat, tipula bat, 2 azenario, tomate bat, kalabazin txiki bat, 2 lata ilar, 2 arrautza, gatza eta irina.

Nola egin:
- Baratxuriak, piperrak, tomatea, azenarioak, kalabazina eta tipula garbitu eta zatitu ondoren oliba oliotan frijitzen ipiniko ditugu su moteletan. Gazitu eta astiro-astiro egiten utziko dugu bigun-bigun egon arte. Eginda dagoenean, koilarakada bat irin erantsiko dugu, ondo nahastu eta sutatik kenduko dugu. Momentuz, aparte utziko dugu.
- Patatak zuritu eta garbitu ondoren, xaflatan moztuko eta gazituko ditugu. Xaflak arrautza-irinetan pasatu eta su bizitan frijituko ditugu. Kanpotik gorriturik, baina barrutik gordin egon behar dute. Zartaginetik atera ahala, sukaldeko paper gainean ipiniko ditugu olioa xurgatzeko.
- Plater hau bukatzeko, patata xaflak eta frijitutako barazkiak nahastuko ditugu, ura erantsiko diegu eta egiten utziko ditugu. Ia-ia eginda egoten direnean ilarrak gehituko ditugu.



IJITO-BESOA

Osagaiak:
- Bizkotxoa: 5 arrautza, 100gr. irin, 100gr. azukre, sobre bat legamia eta banilla tanta batzuk.
- Betetzeko eta apaintzeko: 200ml. esnegain, marrubi marmelada eta txokolatea.

Nola egin:
- Lehenengo eta behin, labea 200 gradutan ipiniko dugu eta berotzen utziko dugu.
- Zuringoak eta gorringoak bereizi ondoren, zuringoei gatz pixka bat bota eta elur punturaino igoko ditugu. Igo bitartean, azukrea pixkanaka-pixkanaka erantsiko dugu, 2 koilarakada izan ezik. Puntuan daudela jakiteko, ontziari buelta emango diogu, merengea mugitzen ez bada, ondo dago; mugitzen bada irabiatzen jarraituko dugu.
- Jarraian, beste osagaiak orden honetan gehituko ditugu, irabiatzeari utzi gabe: legamia, irina, 2 gorringo eta banilla.
- Labeko plaka gurinez igurtzi eta irinez hautseztatu, orea gainean bota eta zabalduko dugu. Labean sartu 6 minutuz tenperatura jaitsi gabe.
- Eginda dagoenean, eta labetik atera bezain pronto, trapu umel batez estaliko dugu. Horrela utzi bizkotxoa hoztu arte.
- Hozten den bitartean, esnegaina eta txokolatea prestatuko ditugu. Esnegainari azukrea gehitu eta igoko dugu. Ondoren, txokolatea lapiko batean eta su moteletan jarriko dugu ur pixka batez. Eragiteari utzi gabe, desegin arte izango dugu sutan.
- Ijito-besoa bukatzeko, bizkotxo gainean marrubi marmelada eta esnegaina ipini eta gero bilduko dugu eta txokolatea gainetik bota eta zabalduko dugu. Hozkailuan izango dugu txokolatea gogortu arte.

2009/06/29

Sukaldaritza ikastaroa

Sukaldaritza ikastaroa amaitzear dago berbalagun ikasturtearekin batera. Hona hemen azken aurreko saioaren errezetak:

BARATXURI ZOPA

Osagaiak:
- 2 baratxuri ale, koilarakada erdi piperrauts, 2 koilarakada oliba olio, 3 eguneko ogia eta 3 edo 4 edalontzi ur.

Nola egin:
- Lehenengo eta behin, baratxuri aleak zuritu, xaflatan moztu eta zartagin batean frijitzen ipiniko ditugu.
- Gorritzen direnean, zartagina sutatik kendu eta piperrautsa erantsiko dugu. Apur bat nahastu ondoren, berriro sutan jarriko dugu eta ura botako dugu.
- Berotzen denean, ogia gehituko dugu eta ordu betez izango dugu pixkanaka-pixkanaka egiten.


SOLOMOA PERRETXIKO SALTSAN

Osagaiak:
- 8 solomo xerra, 2 baratxuri ale, tipulina bat eta erdi, koilarakada 1 irin, ardo zuria (edalontzi erdi), 400 edo 500gr. barrengorri,125cl. esnegain eta gatza.

Nola egin:
- Barrengorriak garbitu eta gero xaflatan moztu eta lapiko batean egiten utziko ditugu olio apur batez.
- Egiten diren bitartean, tipulinak zuritu eta juliana eran zatitu ondoren, oliba oliotan frijitzen jarriko ditugu su moteletan. Tipula bigun-bigun egoten denean, irina bonako dugu eta eragingo diogu pikorrik ez geratzeko.
- Ondoren, ardo zuria erantsiko diogu eta, alkohola lurruntzen denean, perretxikoak. Ondo nahastu dena, apur bat egiten utzi eta esnegaina gehituko diogu saltsari.
- Su moteletan egiten uzten dugun bitartean, solomoa prestatuko dugu. Horretarako, 2 baratxuri ale xaflatan moztu eta frijitzen ipiniko ditugu. Gorri daudenean oliotatik atera eta olio horretan solomoa egingo dugu.

2009/06/24

2009/06/22

Agurra

Datorren ekainaren 27an Aiaraldeko berbalagunak Amurrion bilduko gara eta 2008-2009 ikasturteari amaiera on bat emateko bazkaria izango dugu. Amurrion egun horretan ospatuko den euskaraz bai egunean izango gara eta bertako herri bazkarian parte hartuko dugu. Tiketak 3 € balio du eta hauek eskuratzeko epea ekainaren 25an bukatuko da. Ekainaren 27an Amurrion ikusi nahi zaituztegu!!!!!!! Jarraian euskaraz bai egunaren kartela duzue:

2009/06/18

Mintza eguna

Hona hemen Laudioko eta Urduñako berbalagunek Mintza egunean ateratako argazkiak:

2009/06/15

Marmeladak

Datorren ostiralean, ekainak 19, marmelada nola egiten den ikusteko aukera izango dugu. Bisita gidatu bat antolatu dugu Urduñako Txarlazo baserrian. Aiaralde osoko berbalagunak elkartuko garenez, arratsaldeko 17:30ean Urduñako Foru plazan geratu gara elkarrekin joateko. Anima zaitezte!!!!

2009/06/12

Araba Euskaraz

Jakingo duzuenez datorren ekainaren 21an Araba Euskaraz ospatuko da Oionen. Aiaraldeko udalek autobusak jarriko dituzte bertara joan nahi duzuen guztiontzat. Gogoratu izena emateko azken eguna ekainaren 16a izango dela. Ekainaren 21ean denok Oionera!! http://www.arabaeuskaraz.net/

Jon Plazaola

Datorren ekainaren 14an Jon Plazaolaren bakarrizketa umoretsua ikusteko aukera izango duzue. Bakarrizketa Amurrion izango da, Alanbike tabernan arratsaldeko 20:00etan.

2009/06/10

Sukaldaritza ikastaroa

Beste errezeta bat:

ARROZ ENTSALADA

Osagaiak:
- Letxuga, tomateak, arrautzak, tipulina, olibak, txaka, atuna eta urdaiazpiko egosia.

Nola egin:
- Arroza 20 minutuz egosten izango dugu eta arrautzak 10 minutuz. Hori guztia egiten den bitartean, letxuga, tomateak eta tipulina garbitu eta zatituko ditugu. Zatitu ahala, erretilu batean ipiniko ditugu eta olibak, txaka, atuna eta urdaiazpikoa zatitxoetan erantsiko ditugu. Arrautzak egosita eta hotz egoten direnean, zuritu, zatitu eta erretiluan dagoenari gehitu.
- Zerbitzatzeko, arroza plateraren erdian ipini eta inguruan beste guztia. Mahonesaz edo ozpin-olioz jan ahal izango dugu.

2009/06/03

Sukaldaritza ikastaroa

Hona hemen beste postre goxo-goxo bat:

AZENARIO ETA KOKO PASTELA

Osagaiak:
- Kilo bat azenario, 100 gr. koko birrindua, 100 gr. azukre, 12 bizkotxo, kopa bat whisky, esnea eta txokolate beltza.

Nola egin:
- Azenarioak zuritu eta zatitu ondoren, uretan egosiko ditugu bigun egon arte. Xukatu, azukrea gehitu eta irabiagailutik pasatu pure fin-fina lortu arte. Pure honi kokoa botako diogu, ondo nahastuko dugu eta, momentuz, aparte utziko dugu.
- Ontzi batean whiskya eta koilarakada bat azukre ipiniko dugu eta mikrouhin labean sartuko dugu, apur bat berotu, eta flanbeatuko dugu. Erretzen ari den bitartean, koilara batez mugituko dugu azukrea desegin arte.
- Erretilu batean 6 bizkotxo jarriko ditugu eta whiskyz bustiko ditugu. Gainean, geruza bat azenario pure jarriko dugu, honen gainean, soberan geratu zaizkigun 6 bizkotxo bustiak eta, berriro ere, geruza bat azenario pure.
- Jarraian, txokolatea esnetan desegin eta gainetik botako diogu. Pastela bukatzeko, soberan geratu den kokoarekin apaindu.

2009/05/29

Asteburuan

Maiatzak 31, igandea:

- Haur kantari txapelketako finala: Amurrioko Antzokian, arratsaldeko 17:00etan izango da.
- Ibilaldia: Bizkaiko ikastolen festa Galdakaon ospatuko da igande honetan. http://www.ibilaldia.com/.

2009/05/27

UEUko ikastaroak, praktikatu eta jantzi!

Udako Euskal Unibertsitateak 38 ikastaro ezberdin eskainiko ditu Eibar, Baiona eta Iruñeko egoitzetan. Aurten euskararen praktikantea bazara, hau da berbalagun edo mintzalagun egitasmoetako partaidea bazara, matrikulan %50eko deskontua izango duzu. Informazio gehiago: http://praktikatu.blogspot.com/.

2009/05/25

Mintza eguna

Urtero bezala, kurtso bukaeran Euskal Herriko berbalagun guztiak biltzeko aukera izango dugu aurten Gasteizen ospatuko den Mintza egunean (ekainaren 6an). Egun honetan, beste herrietako berbalagunekin harreman berriak sortzeaz gain, mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen ez duten pertsonak animatzeko aukera izango dugu. Ekainaren 6an denok Gasteizera!!!

2009/05/22

Asteburuan

Maiatzak 23, larunbata:

- Kutsidazu bidea, Ixabel: Arespalditzako anbulatorioan arratsaldeko 19:00etan.

Maiatzak 24, igandea:
- Bertso saioa: Amurrioko plazan eguerdiko 12:00etan.

- Haur Kantarien txapelketa: Luiaondoko frontoian eguerdiko 12:00etan Arabako Haur Kantarien txapelketako kanporaketa.

2009/05/20

Sukaldaritza ikastaroa

Hona hemen beste errezeta bat:

TIRAMISU-a

Osagaiak:
- 250 gr. mascarpone gazta, kakao hautsa, kafea, 5 arrautza, 15 bat bizkotxo, azukrea eta kopa bat hur likorea (ez badugu, rona, orujo zuria edo horrelako likore bat erabili ahal dugu).

Nola egin:
-Lehenengo eta behin, kafe beltz-beltza egingo dugu. Baso bat kafe beharko dugu. Eginda dagoenean likorearekin nahastu eta, momentuz, aparte utziko dugu.
- Jarraian, arrautzen gorringoak eta zuringoak bereizi. Gorringoei azukrea gehituko diegu (koilarakada bat gorringo bakoitzeko) eta elur-punturaino irabiatuko ditugu. Nahaste honi gazta botako diogu, pixkanaka-pixkanaka, irabiatzeari utzi gabe eta lodi-lodi geratu arte.
- Beste aldetik, zuringoei gatz-pitin bat erantsi eta elur-punturaino irabiatuko ditugu. Hori egin bitartean, noizbehinka, azukrea gehituko diogu (koilarakada bat arrautza bakoitzeko).
- Krema bukatzeko, gorringoak eta zuringoak oso-oso astiro nahastuko ditugu.
- Ondoren, bizkotxoak kafearekin bustiko ditugu. Molde batean sukaldeko plastikoa jarri eta geruza bat bizkotxo ipiniko dugu, beste geruza bat krema, beste bat bizkotxo eta bukatzeko beste bat krema.
- Hozkailuan 10 orduz izango dugu. Zerbitzatu baino lehen kakaoa botako diogu gainetik.

2009/05/15

Asteburuan

Euskararen astea dela eta, hona hemen astebururako Artziniegan antolatutako ekitaldiak:
Maiatzak 16, larunbata:
- Kantu-bazkaria: Bazkaria, Goiko plazan eguerdiko 14:30ean izango da. Izena emateko udaletxetik pasatu behar zarete. Helduek 15€ ordaindu beharko dute eta umeek 7€.
- Erdizka lauetan: Dantzaldi-erromeria hau Artziniagako Goiko plazan izango da arratsaldeko 17:30ean.

2009/05/14

Kultur ekintzak

Datorren maiatzaren 15erako bi plan ezberdin proposatzen dizkizuegu. Alde batetik Artziniegan egongo den Kantu poteoa (arratsaldeko 20:00etan alde zaharrean) eta bestetik, Laudion arratsaldeko 20:00etan Basalarrinaren egoitzan egongo den ikuskizuna: J. Astiazaran & A. Ansa "Piano bat bertsotan".

2009/05/13

Sukaldaritza ikastaroa

Hona hemen beste bi errezeta:

ESPAGETIAK SIZILIAR ERAN

Osagaiak:
- 500 gr. espageti, 600 gr. tomate natural, 4 koilarakada tomate frijitua, hiru lata antxoa oliotan, lau baratxuri ale, 200 gr. oliba beltz eta oreganoa.

Nola egin:
- Hasteko, baratxuri aleak xaflatan eta antxoak xehe-xehe zatituko ditugu.
- Jarraian, zartagina sutan jarri eta antxoen olio pixka bat botako dugu. Bero dagoenean, baratxuri xaflak erantsiko ditugu.
- Gorritzen direnean, antxoa zatiak gehituko ditugu eta apur bat desegiten direnean, tomate naturala gehituko digu (garratza bada azukre pixka bat bota) . Ondo nahastuko dugu dena eta egosten utziko dugu bost bat minutuz. Ondoren, tomate frijitua, oreganoa eta ur pixka bat botako diogu saltsari. Apur bat gehiago egosten utziko dugu oreganoak zaporea eman arte. Saltsa bukatzeko, oliba beltzak erantsiko ditugu.
- Lapiko batean ura eta koilarakada bat olio ipini eta, irakiten ari denean, espagetiak egosten jarriko ditugu. Urari ez diogu gatzik botako, saltsak antxoen zapore handia izango duelako eta platera gazi geratu ahal zaigulako. Eginda egoten direnean, xukatu eta zerbitzatuko ditugu gainean saltsa ipini diegula.




TXIPIROIAK SALTSAN

Osagaiak:
- 500gr. txipiroi, 2 tinta, irina, piper berde erdi, tipula handi bat, bi koilarakada tomate saltsa eta arroza.

Nola egin:
- Lehenengo eta behin, txipiroiak ondo garbituko ditugu, bai barrutik, bai kanpotik. Hankekin eta hegaltxoekin bete eta gazitu ondoren, irinetik pasako ditugu eta olio bero-berotan gorrituko ditugu.
- Beste aldetik, tipula eta piper berdea zatitu eta gero, txipiroiak gorritzeko erabili dugun oliotan frijitzen jarriko ditugu eta gatz pixka bat botako dugu. Bigun daudenean, tomate saltsa gehituko dugu eta apur bat gehiago egiten utzi eta gero, edalontzi batean urarekin desegin ditugun tintak erantsiko ditugu.
- Jarraian, txipiroi beteak, eta baten bat soberan geratu bazaigu zatituko dugu eta denak lapikora botako ditugu. Espres lapikoa itxi eta 18 minutuz egosten utziko ditugu txipiroiak.
- Bitartean, beste lapiko batean arroza egosiko dugu 20 minutuz.
- Dena eginda dagoenean, plateraren erdian arroza jarriko dugu, txipiroiak inguruan eta saltsa pixka bat botako dugu gainetik.

2009/05/08

Ikuskizunak


Maiatzak 9, larunbata
Arratsaldeko 18:00etan
Laudioko Basalarrinaren egoitzan
Upo, Topotin eta Bartolina pailazoak.



Maiatzak 10, igandea
Arratsaldeko 20:00etan
Urduñako Foru plazan
Patxi Perez

Sukaldaritza ikastaroa

Oraingo honetan goxo-goxo dauden bi postreen errezetak aurkezten dizkizuegu:

TXOKOLATEZKO TARTA
Osagaiak:
- 200 gr. txokolate beltz, 200 gr. gurin, 5 arrautza, koilarakada bat irin eta 100 gr. azukre.
Nola egin:
- Hasteko, txokolatea gurinarekin desegin behar dugu eta nahastu. Nahaste hori epeltzen denean, arrautzak banan-banan bota behar ditugu eta ondo irabiatu. Jarraian, irina gehitu eta ondo irabiatuko dugu pikorrik ez geratzeko.
- Labea berotu ondoren, 22 minutuz izango dugu 200 gradutan.

MARRUBI PUDING-a

Osagaiak
- 500 gr. marrubi, 200 gr. azukre, 400 gr. esnegain, 2 gorringo, 7 gelatina eta edalontzi bat esne.

Nola egin:
- Esnea azukrearekin berotuko dugu. Bero dagoenean, sutatik kendu eta edalontzi batean gorringoak esne hotz pixka batekin nahastuko ditugu. Ondoren, esne berora bota eta dena ondo irabiatuko dugu.
- Jarraian, gelatina ur hotzetan 5 minutuz utziko dugu biguntzeko. Bitartean, marrubiak puregailutik pasatuko ditugu.
- Bost minutu horiek igaro ondoren, gelatina eta marrubi purea esnearekin nahastuko ditugu.
- Esnegaina irabiatuko dugu, baina guztiz igo gabe, aurreko nahasketari gehituko diogu eta koloratzaile gorri tanta batzuk erantsiko ditugu. Dena ondo nahastu.
- Molde bat olio pixka batez igurtzi eta nahastea bota. Hozkailuan 6 orduz utziko dugu eta zerbitzatu baino lehen marrubi zati batzuekin eta esnegainarekin apainduko dugu puding-a.

2009/05/06

Bisita gidatua

Jarraian, pasa den apirilaren 24an Urduñatik egindako bisita gidatuaren argakiak dituzue. Antiguako Ama Birjina bisitatu genuen eta oso interesgarria izan zen, hona hemen argazkiak:

2009/04/24

Sukaldaritza ikastaroa

Hona hemen beste bi errezeta:

BERDELA TOMATEAREKIN

Osagaiak:
- 3 berdel, tipula bat, tipulin bat, bi piper berde, bi berakatz,porru bat, 800gr. tomate xehatua, ardo txuria, piperbeltza eta piperbeltz zuria, azukrea eta gatza.

Nola egin:
- Tomatea egiteko, barazkiak txikituko ditugu eta ondo gorritu ondoren, baso bete ardo txuri botako diogu. Dena ondo mugitu eta tomatea bota. Jarraian, gatza, piperbeltza eta azukrea gehituko dizkiogu eta su motelean urritzen utziko dugu. 20 minutu pasa ostean, lortutako saltsa puregailu batetik pasako dugu eta lapiko batera bota.
- Berdelari gatza eta piperbeltz zuria bota eta tomateari gehitu baino lehen, plantxan apur bat gorrituko ditugu. Berdelak alde bakoitzeko 8-10 minutu beharko ditu eginda egoteko.




PORRUAK PARISTAR ERARA

Osagaiak:
- 50gr. gurin, koilarakada bat irin, 300ml. esnegain likido, piperbeltza, gatza, 8 porru, 8 xerra urdaiazpiko egosia eta gazta birrindua.

Nola egin:
- Porruak ondo garbitu eta erditik moztuko ditugu. Ura irakiten ipini lapiko batean eta bor-bor egiten hasten denean porruak bota; egosten utziko ditugu ordu laurden. Behin egosita, ur hotzetatik pasako ditugu.
- Porruak egosten dauden bitartean bexamela egingo dugu. Zartaginean osagaiak botatzen goazela, egurrezko koilara batekin etengabe joan behar dugu nahasten. Lehenengo, gurina urtu. Ondoren, irina bota. Gero, esnegain likidoa eta azkenik, piperbeltz apurtxo bat eta gatza.
- Bexamelaren erdia azpil polit batera botako dugu eta ondo zabaldu. Egositako porru zatiak binan-binan bilduko ditugu urdaiazpiko egosiarekin eta azpilean ipiniko ditugu. Hauen gainean gainontzeko bexamela eta gazta birrindua botako ditugu.
- Bukatzeko, labean sartuko dugu ordu laurdenez pixka bat gainerretzeko.

2009/04/22

Bisita gidatua

Aurten, iaz Urduñatik hasitako bisita gidatuari jarraipena emango diogu. Datorren apirilaren 24an, arratsaldeko 17:45ean Urduñako foru plazan elkartuko gara Bizkaiko hiri hau ezagutzeko. Urduñako alde zaharretik gidatuko gaituen pertsona bertako turismo bulegoan lan egiten duen berbalagun bat izango da. Anima zaitezte!!!!!

2009/04/06

Korrika amaiera

Aupa zu! Eta aupa gu! Bihotza, burua, eskuak! Sentitu, pentsatu, ekin! Denok elkarrekin! Elkarrekin KORRIKA eta euskaraz! Gora Korrika eta Gora euskara!!!

Dagoeneko Korrika 16 bukatu egin da!!! Ikusten duzuenez kriston jendetsa bildu zen Gasteizen Korrikak merezi duen agurra emateko. Azken mezua hain ezagunak diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek irakurri zuten, "Esaguzu euskaraz, emaguzu muxu". http://www.korrika.org/index.php?name=News&file=article&sid=240

Gora 17. Korrika!!!!!!

2009/04/03

Korrika jaia Gasteizen

Kaixo lagunok!!! Datorren apirilaren 5ean 16. Korrika bukatuko da Gasteizen eta kriston jaia izango dugu! Autobusak irtengo dira Laudiotik eta Amurriotik. Tiketak bertako AEK euskaltegietan izango dituzue salgai. Anima zaitezte eta euskararen aldeko jai polit honetara hurbildu zaitezte, bertan aurkituko duzuen giroa izugarria izango da!! Igandean denok Gasteizera!!!!!

2009/04/02

Euskal Ezkontza

Euskararen astea dela eta, Urduñan, apirilaren 4an Euskal Ezkontza ospatuko dugu eguerdiko 12:30etan. Ezkontza eta gero denok elkarrekin bazkalduko dugu. Bazkariaren tiketak salgai izango dituzue Euskara Zerbitzuan, Marrazki tabernan edo Mugalden (15€). Edonork parte hartu dezake!

2009/03/26

Korrika 16

Kaixo lagunok!! Gehienok jakingo duzuenez Tuteratik abiatuko da gaur arratsaldean Korrika 16. Gaur hasi eta gelditu gabe arituko da apirilaeren 5 arte. Hona hemen aurtengo korrikarako Betagarri taldeak prestatutako kanta eta bideoa, girotu zaitezten!!!! http://www.youtube.com/watch?v=t7z7mlj25r0

Taberna ibiltaria

Ostiralean, martxoaren 27an, Korrika kultura dela eta Taberna ibiltaria izango dugu Amurrion, arratsaldeko 20:30ean. Musika talde honekin batera tabernaz taberna hainbat kanta ezagun entzun eta abesteko aukera izango duzue, besteak beste, "Txoriak txori", "Lau teilatu" edota "Xalbadorren heriotza".

2009/03/25

"Munduko Bira bizikletan"

Datorren martxoaren 26an "Munduko Bira bizikletan" proiekzioa izango dugu Laudion. Hizlaria Eneko Etxebarrieta izango da eta emanaldia arratsaldeko 19:30ean Basalarrinaren egoitzan izango da.

2009/03/23

"Patio bat Bamakon"

Datorren martxoaren 24an Jon Arretxek "Patio bat Bamakon" diaporama aurkeztuko du Amurrion. Diaporama goizeko 10:00etan Katekesi Aretoan proiektatuko da.

2009/03/18

XI. Korrika mendi ibilaldia

Datorren martxoaren 22an Laudioko korrika mendi ibilaldia izango da. Urtero Ugarteko auzolan elkarteak antolatzen duen martxa honek bi ibilaldi izango ditu: handia eta txikia. Biak Ugarteko plazatik abiatuko dira, bata goizeko 8:00etan eta bestea 9:00etan. Hona hemen kartela:

2009/03/17

Sukaldaritza ikastaroa

Pasa den martxoaren 11n, sukaldaritza ikasataroa martxan jarri zuten Amurrioko berbalagunek. Hilean birritan (asteazkenetan) elkartuko dira eta berbalagunak arituko dira sukaldari lanetan. Hona hemen lehenengo saioan prestatutako bi errezetak:

PORRU PASTELA:

Osagaiak:
- 6 porru ertain, tipula ertain bat, edalontzi bat esnegain, 3 arrautza, koilarakada bat irin, koilarakada bat gurin, gatza eta hostorea.

Nola egin:
- Porruen alde zuria eta tipula juliana eran zatitu eta ondoren, ur gazitan 20 minutuz egosiko ditugu. Egosita daudenean xukatu.
- Beste aldetik, zartagin bat sutan ipiniko dugu eta horretan gurina desegingo dugu. Porruak eta tipula zartaginera bota eta koilarakada bat irin gehituko dugu. Ondo nahastu.
- Bol batean esnegaina eta 2 gorringo irabiatuko ditugu eta zartaginean dagoenarekin nahastuko dugu, sutatik kendu gabe, pixka bat loditu arte.
- Molde batean hostorea zabalduko dugu eta nahastutakoa gainean bota eta gero hostore gehiagoren estaliko dugu.
- Labean sartu baino lehen beste arrautza bat irabiatuko dugu eta hostorea igurtziko dugu distiratsu geratzeko.
- Pastela, labean 30 minutuz edukiko dugu 175 gradutan.



OILASKO HEGAL ERREAK

Osagaiak:
- 10 hegaltxo, 4 baratxuri ale, 2 azenario, 150gr. aran pasa, oliba olioa, gatza, kopa bat brandy eta edalontzi bat ur.

Nola egin:
Expres lapikoan olioa bota eta su bizian jarri. Bero dagoenean, hegaltxoak botako eta gazituko ditugu. Gorritzen hasten direnean baratxuri ale osoak eta azenarioak erantsiko ditugu. Apur bat gehiago gorritzen utziko ditugu, betiere su bizian. Lapikoa itxi baino lehen, brandya gehituko dugu eta alkohola lurruntzen denean, ura. Lapikoa itxi eta sua jaitsi ondoren 5 bat minutuz egosten utzi.
Denbora hori pasa eta gero, lapikoa ireki, aranak erantsi eta su bizian utziko dugu egosten ura lurrundu arte.

2009/03/16

Sagardotegia

Hona hemen, pasa den otsailaren 28an "Petritegi" Sagardotegira egindako irteeraren argazkiak:

2009/03/12

Korrika Kulturala Orozkon

Asteburu honetan, Korrika kulturala dela eta pare bat ekitaldi izango ditugu Orozkon.
- Ostiralean, martxoak 13, arratsaldeko 20:00etan "Bidai intimoak" dokumentala aurkeztuko dugu Museoan.
- Larunbatean, martxoak 14, goizeko 11:00etatik 13:00etara Korrika materiala salgai jarriko dugu herriko plazan.

2009/03/04

Kantu ikastaroak

Aurten kantu ikastaroak ditugu Aiaraldean. Artziniegan, ostiralero arratsaldeko 20:00etan Anbulatorioan biltzen dira eta Luiaondon, ostiralero arratsaldeko 18:30ean Gizarte etxean. Kantu-kantari ibiltzen zaretenontzat hona hemen aukera. Informazio gehiago: 945 892 334.

2009/02/24

Julen Reketa

Datorren otsailaren 26an, Julen Reketa mendizalearen hitzaldia izango duzue Amurrion. Hitzaldia Alanbike Kafe Antzokian izango da arratsaldeko 20:00etan. Aiaraldeko berbalagunon artean Julen Reketa oso ezaguna da, hainbat mendi martxa antolatu ditugu berarekin eta denak primerakoak!!

2009/02/20

Herensugea

Gogora ezazue gaur, otsailaren 20an, Berbalagunok Urduñako Herensugearen aurkezpenean parte hartuko dugula. Horretarako dantza erraz batzuk prestatu ditugu. Animatzen bazarete, hurbil zaitezte Foru plazara arratsaldeko 19:00etan. Batzuk mozorrotuta joango dira!

2009/02/17

Mozorro tailerra

Inauteriak gainean ditugula kontuan hartuta, gaur arratsaldean (otsailaren 17an) Urduñako Kultur Etxean mozorro tailerra antolatu dute. Tailerra arratsaldeko 17:00etan izango da. Informazio gehiago: 945 38 48 60 (Euskara Zerbitzua).

2009/02/13

Txan magoa

Datorren otsailaren 15ean (igandea) Txan magoa Amurrioko Alanbike Kafe Antzokian egongo da. Ikuskizuna helduentzat izango da eta arratsaldeko 20:00etan hasiko da.

Agate Deuna

Urtero bezala, pasa den ostiralean (otsailak 6) Urduñako berbalagunak kalera atera ziren Agate Deuna ospatzera. Jende asko animatu zen, batez ere umeak.

2009/02/10

Gasteizko katedrala

Hona hemen, pasa den hilean Gasteizko "Santa Maria" katedrala ezagutzeko antolatu genuen bisita gidatuaren argazkiak:

2009/02/05

Korrika 16. Omenaldi ekitaldia

Edizio honetako omenaldia Jon Maiak zuzendutako "Bidaia intimoak" dokumentala izango da. Korrika 16ren omenduak izango dira dokumental honen protagonistak, euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako 4 pertsona. Dokumentala, larunbatean, hilak 7, arratsaldeko 7etan estreinatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian. http://www.euskaltube.com/play.php?vid=3455.

2009/02/03

Sagardotegia

Urtero bezala, Aiaraldeko berbalagunok sagardotegira joateko irteera antolatu dugu. Aurten Astigarragako "Petritegi" sagardotegira joango gara, otsailaren 28an. Bazkaria izango da eta bakoitzak 28€ inguru ordaindu beharko du. Aiaraldeko berbalagunak elkartzeko eta sagardotegiko giroaz gozatzeko aukera polita izan daiteke. Anima zaitezte!

2009/01/23

Laudioko II Herri Lasterketa

Datorren larunbatean, urtarrilaren 24an, arratsaldeko 17:00etan Laudioko II herri lasterketa jokatuko da. Berriak antolatzen duen proba honek euskara eta kirola batzea eta sustatzea du helburu nagusi.

2009/01/14

Gasteizko Katedrala

Aiaraldeko berbalagunok datorren urtarrilaren 30an Gasteizko katedrala ezagutzeko bisita gidatu bat antolatu dugu. Bisita arratsaldeko 18:30ean hasiko da eta doan izango da. Interesa duzuenok zuen herriko berbalagun dinamizatzailearekin hitz egin urtarrilaren 26a baino lehen.