2009/04/24

Sukaldaritza ikastaroa

Hona hemen beste bi errezeta:

BERDELA TOMATEAREKIN

Osagaiak:
- 3 berdel, tipula bat, tipulin bat, bi piper berde, bi berakatz,porru bat, 800gr. tomate xehatua, ardo txuria, piperbeltza eta piperbeltz zuria, azukrea eta gatza.

Nola egin:
- Tomatea egiteko, barazkiak txikituko ditugu eta ondo gorritu ondoren, baso bete ardo txuri botako diogu. Dena ondo mugitu eta tomatea bota. Jarraian, gatza, piperbeltza eta azukrea gehituko dizkiogu eta su motelean urritzen utziko dugu. 20 minutu pasa ostean, lortutako saltsa puregailu batetik pasako dugu eta lapiko batera bota.
- Berdelari gatza eta piperbeltz zuria bota eta tomateari gehitu baino lehen, plantxan apur bat gorrituko ditugu. Berdelak alde bakoitzeko 8-10 minutu beharko ditu eginda egoteko.




PORRUAK PARISTAR ERARA

Osagaiak:
- 50gr. gurin, koilarakada bat irin, 300ml. esnegain likido, piperbeltza, gatza, 8 porru, 8 xerra urdaiazpiko egosia eta gazta birrindua.

Nola egin:
- Porruak ondo garbitu eta erditik moztuko ditugu. Ura irakiten ipini lapiko batean eta bor-bor egiten hasten denean porruak bota; egosten utziko ditugu ordu laurden. Behin egosita, ur hotzetatik pasako ditugu.
- Porruak egosten dauden bitartean bexamela egingo dugu. Zartaginean osagaiak botatzen goazela, egurrezko koilara batekin etengabe joan behar dugu nahasten. Lehenengo, gurina urtu. Ondoren, irina bota. Gero, esnegain likidoa eta azkenik, piperbeltz apurtxo bat eta gatza.
- Bexamelaren erdia azpil polit batera botako dugu eta ondo zabaldu. Egositako porru zatiak binan-binan bilduko ditugu urdaiazpiko egosiarekin eta azpilean ipiniko ditugu. Hauen gainean gainontzeko bexamela eta gazta birrindua botako ditugu.
- Bukatzeko, labean sartuko dugu ordu laurdenez pixka bat gainerretzeko.

2 comments:

Anonymous said...

ideia aparta izan duzue

Anonymous said...

Blogean irakurri eta gero, etxean probatu nuen eta oso ondo atera zitzaidan.