2009/06/15

Marmeladak

Datorren ostiralean, ekainak 19, marmelada nola egiten den ikusteko aukera izango dugu. Bisita gidatu bat antolatu dugu Urduñako Txarlazo baserrian. Aiaralde osoko berbalagunak elkartuko garenez, arratsaldeko 17:30ean Urduñako Foru plazan geratu gara elkarrekin joateko. Anima zaitezte!!!!

2009/06/12

Araba Euskaraz

Jakingo duzuenez datorren ekainaren 21an Araba Euskaraz ospatuko da Oionen. Aiaraldeko udalek autobusak jarriko dituzte bertara joan nahi duzuen guztiontzat. Gogoratu izena emateko azken eguna ekainaren 16a izango dela. Ekainaren 21ean denok Oionera!! http://www.arabaeuskaraz.net/

Jon Plazaola

Datorren ekainaren 14an Jon Plazaolaren bakarrizketa umoretsua ikusteko aukera izango duzue. Bakarrizketa Amurrion izango da, Alanbike tabernan arratsaldeko 20:00etan.

2009/06/10

Sukaldaritza ikastaroa

Beste errezeta bat:

ARROZ ENTSALADA

Osagaiak:
- Letxuga, tomateak, arrautzak, tipulina, olibak, txaka, atuna eta urdaiazpiko egosia.

Nola egin:
- Arroza 20 minutuz egosten izango dugu eta arrautzak 10 minutuz. Hori guztia egiten den bitartean, letxuga, tomateak eta tipulina garbitu eta zatituko ditugu. Zatitu ahala, erretilu batean ipiniko ditugu eta olibak, txaka, atuna eta urdaiazpikoa zatitxoetan erantsiko ditugu. Arrautzak egosita eta hotz egoten direnean, zuritu, zatitu eta erretiluan dagoenari gehitu.
- Zerbitzatzeko, arroza plateraren erdian ipini eta inguruan beste guztia. Mahonesaz edo ozpin-olioz jan ahal izango dugu.

2009/06/03

Sukaldaritza ikastaroa

Hona hemen beste postre goxo-goxo bat:

AZENARIO ETA KOKO PASTELA

Osagaiak:
- Kilo bat azenario, 100 gr. koko birrindua, 100 gr. azukre, 12 bizkotxo, kopa bat whisky, esnea eta txokolate beltza.

Nola egin:
- Azenarioak zuritu eta zatitu ondoren, uretan egosiko ditugu bigun egon arte. Xukatu, azukrea gehitu eta irabiagailutik pasatu pure fin-fina lortu arte. Pure honi kokoa botako diogu, ondo nahastuko dugu eta, momentuz, aparte utziko dugu.
- Ontzi batean whiskya eta koilarakada bat azukre ipiniko dugu eta mikrouhin labean sartuko dugu, apur bat berotu, eta flanbeatuko dugu. Erretzen ari den bitartean, koilara batez mugituko dugu azukrea desegin arte.
- Erretilu batean 6 bizkotxo jarriko ditugu eta whiskyz bustiko ditugu. Gainean, geruza bat azenario pure jarriko dugu, honen gainean, soberan geratu zaizkigun 6 bizkotxo bustiak eta, berriro ere, geruza bat azenario pure.
- Jarraian, txokolatea esnetan desegin eta gainetik botako diogu. Pastela bukatzeko, soberan geratu den kokoarekin apaindu.