2018/09/20

ZATOZ GUREKIN

Gaurtik hasita, eta Euskal Herri osoan, zabalik dago izena emateko epea mintzalagun, berbalagun, mintzakide edota gurasolagun taldeetan sartzeko.

Denetarik dago aukeran: astean behin tabernan elkartu gustura eta lasai hitz egiteko, Kirolaz eta Naturaz gozatzera joan, mintzodromoetan parte hartu, bizikleta hartuta lagunarteko txangoak egin, gurasolagunetan aritu... Denetan sentituko zarete primeran, nork bere helburua beteko duelako seguru: euskara-eskoletan ikasitakoa praktikatzeko abagunea, jende askorekin euskaraz egiteko aukera, inguruko euskaldunekin harremanetan hasteko modu zuzena... Hori guztia egongo da, bai eta askoz gehiago ere: parada bikaina da pozik ibiltzeko eta aisialdian ondo pasatzeko.

Gaurtik aurrera, bestalde, herriz herri aurkeztuko dira mintzapraktika-egitasmoak; ikasturte honetan, toki gehiagotan antolatuko dira taldeak, euskara gero eta indartsuago ager eta entzun dadin nonahi.

Beraz, 2018-19 ikasturte honetan parte hartu nahi baduzu mintzapraktika-programaren batean, jadanik eman dezakezu izena zure gustuko egitasmo(et)an: Euskal Herrian, 100dik gora antolatuko dira, hainbat lekutan! Aski duzu zeure inguruko euskaltegi, euskara-elkarte edo euskara-zerbitzuetara jotzea, edota izena emateko fitxa hau betetzea.

2018/06/05

ELKARREKIN JOLASTEN URDUÑAN!!

Ikasturtea aurrera doa eta ia-ia amaitu egin zaigu. Horregatik hil honen 20an berriro ere elkartuko gara Urduñan, ikasturteko azken ekintza egiteko!

Oraingoan, betiko jolasak izango ditugu: sokasaltoa, txingoa, zapia... aurpegiak margotuko ditugu, agian apur bat dantzatu... Ezin duzue galdu!!!

Animatu eta etorri!!! Guraso, seme-alaba, aiton-amona, izeba edo osaba bazara, gurekin jolastera hurbildu!! Primeran pasatuko dugu, euskaraz gainera!!

NOIZ: Ekainak 20, asteazkena
NON: Urduñako Foru plazan
ORDUA: 17:30

2018/04/11

AITZOL eta BERE TXOTXONGILOAK URDUÑAN!!

Apirilaren 18an hitzordua izango dugu Urduñan, txotxongilo ikuskizun polit-polita!
Aitzol Villahozek bere txotxongiloak erabiliko ditu ipuinak kontatzeko, une xarmangarriak sortzeko eta irudimena lantzeko.
3 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako ikuskizuntxoa izango da. Animatu eta hurbildu!

ZER: Txotxongilo ikuskizuna
NOIZ: Apirilaren 18an, asteazkena
NON: Urduñako alondegiko aretoan
ORDUA: 17:30-18:30

2018/03/15

GAILETA TAILERRAREN KRONIKA


Atzo elkarrekin sukaldean gozatzeko aukera izan genuen. Gaileta goxo-goxoak prestatu genituen. Horretarako 7 familia elkartu ginen Urduñako Alondegiako sukaldean eta osagaiak mahai gainean izanda, lanean hasi ginen.

Irina, arrautzak, azukrea, txokolatea... nahasketa perfektua egin genuen eta ore-bolatxoak egin ondoren, labean sartu genituen. Ikusi nahi al duzue zein izan zen emaitza? Hona hemen argazkitxo batzuk: